Euskal Herriko hainbat herritan burutzen den "Zine txiroa" izeneko ekimenarekin bat eginez eduki sozialak dituzten dokumentalak proiektatzen dira hilean behin Errenteria/Oreretan.
Proiekzio hauekin batera dokumentalekin osatutako bideoteka dago. Nahi duenaren esku: interesa duten herriko elkarte nahiz norbanakoei eskaini nahi zaie haiek alokairu sinboliko baten truke ikusteko aukera.

"Sagarraren denbora"Zine Txiroaren V. Denboraldia abian da

ZINEMA

Sagarraren denbora. 25 urte deserritik itzultzen dokumentala eskainiko dute hurrengo ostegunean; 19:30ean izango da emanaldia Mikelazulo Kultur Elkartean

Bostgarren urtez, Zine Txiroa zikloa martxan jarri dute Errenteria-Oreretan. Mikelazulo Kultur Elkartean burutzen den proposamena da eta aurreko urteetan bezala hilabeteko bigarren ostegunean egiten jarraituko da.

Hurrengo ostegunean, hilak 14, Sagarraren denbora. 25 urte deserritik itzultzen dokumentalaren proiekzioarekin emango zaio hasiera bostgarren denboraldiari. Mikelazulo Kultur Elkartean 19:30ean izango da emanaldia. Dokumentalaren ondoren solasaldia izango da Josu Martínez dokumentalaren zuzendariarekin eta Kristiane Etxaluz dokumentalaren protagonistarekin.

Zine txiroaren aurreko edizioetan bezala, "ziklo honen filosofia mantendu nahian gai sozial eta politikoen inguruko pelikula eta dokumentalak ematen jarraitzea da gure apustua". Aurten ere, ikuslegoa eztabaidara bultzatzeko filmekin zerikusia duten pertsonak hitz egitera gonbidatuko ditugu.

Mikelazulo Kultur Elkarteak jakinarazten du proiekzioetan eskaintzen diren filmak eta dokumentalak maila onekoak direla. "Proiektatzen dena zine komertzialetik at gelditzen diren filmak dira, istorio pertsonal eta kolektiboen inguruko filmak" dira.

Bideoteka

Zine Txiroaren antolaketarekin batera bideoteka bat ere sortu zen proiekzioen tituluak eta beste asko ere etxera eramateko. "Bazkide egitea oso erraza da eta daukagun katalogo zabaletik nahi diren pelikula guztiak ikusteko aukera dago" . Informazio gehiago Mikelazulo Kultur Elkartean edo 943 527 002 telefono zenbakian eskuratu daiteke.